lunes, 26 de enero de 2009

Konparatzeagatik

Gauzak pixka bat lasaitu egin direla dirudi Palestinan. Israelek soldaduak atera ditu, gehienak behintzat, eta hau palestinarrak eskolara bueltatu dira. Munduko egunkari guztietan erasoa bukatu dela aipatzen dute. Eta guzti horren artean, ahaztuta geratu den albiste bat ere badago. Orain dela ia bi aste Israelgo legebiltzarrak alderdi arabiarrak hauteskundeetan parte ez hartzeko proposamena onartu zuen.

Bai, Israelgo legebiltzarrean arabiarren alderdiak daude, hau da, Israelen bizi diren arabiarren talde politikoak. Zehazki, Raam Taal eta Balad izena dute, azken honek, Israelen bizi diren arabiarren berdintasuna aldarrikatzen du israeldarrekiko. Beste batzuk, gainera, Jadash alderdia bezala, Israelek Sei egunetako gudan okupatutako lurralde guztia askatzea daukate helburu bezala. Bitxia irudi daitekeen arren, Israelgo legebiltzarrean dauden alderdi arabiar guztiak ezkertiarrak dira et, bat baino gehiagotan, Alderdi laboristari euren botoa eman diote arauak aurrera ateratzeko.

Beraz, orain arte behintzat, edonor aurkeztu zitekeen legebiltzarrerako hauteskundeetan. Arrunta dirudien baieztapena zentzu ezberdina hartzen du konparaketak egiten direnean. Goazen gurera, adibidez. Ezinezkoa da esaldi hori Espainiako eta Euskal Herriko legebiltzarretara aplikatzea. Gurean “alderdien legea” deritzona dago. Batzuk, orduan, esan dezakete: “Israeleko alderdi arabiarrak ez dute hilketak eta bortizkeria defendatzen”.

Egia da ez direla atentatu terroristen alde agertu, hemengo ezker abertzale ilegalizatuta ezta, nik dakidanez. Hangoak eta hemengoak bakea eskatu dute, edozein motatako bortizkeria onartu gabe. Bestalde, ez da ahaztu behar Balad alderdiko buru Azmi Basharak esan zuena Hizballah talde terroristak Libanon egin zituen atentatuen harira: “Konkistari aurre egitea legitimoa eta ulergarria da. Egia da, honek beldurra eragin dezakeela eta ni horren aurka nago”. Hau 2003. urtea izan zen eta alderdi israeldarrak Bashara kargutik kendu nahi izan zuten arren Auzitegi Gorenak ez zuen inolako deliturik ikusi hitzotan.

Guztiz ezberdina da hemengo egoera. Momentu batez, pentsa dezagun zer gertatuko litzateke adierazpen horiek Otegi edo Barrena batek esan izan balitu. Kontuan edukita zortzi pertsona espetxeratu dituztela alderdi independentista bat sortu nahi izateagatik, ez da zaila jakitea zer gertatuko litzatekeen.

Argi dago, Euskal Herrian eta Palestina eta Israelen dauden gatazkak ezberdinak direla baina, aldi berean, argi dago ere, batzutan, Israelek guri ematen dizkigula demokrazia ikasketak. Eta hori, oso tristea da. Are gehiago kontuan hartzen badugu, alderdi arabiar israeldarrek hauteskundeetara aurkeztu ahal izango direla, Auzitegi Gorenak haien alde egingo duelako, seguruenik. Eta horrela, konparatzeagatik, tristea eta pentsaezina zen errealitate bati aurre egin behar diogu.

Oier

No hay comentarios: